Ekuadorko hizkuntza indigenak

junio 15, 2008

EKUADORREKO INDIGENEN

HIZKUNTZAK

Etnia-, hizkuntza- eta lurralde-aniztasuna

Ekuador 272.000 kilometro koadro luze-zabal da eta 12 milioi biztanle baino gehixeago ditu, 2002ko erroldako datuen arabera (SIISE, http://200.24.215.221/siise/ayudas/ glos910u.htm). Gaztelaniaz (hizkuntza ofiziala) gain, 11 hizkuntza indigena daude, herrialdeak dituen hiru eremu naturaletan banatuta: Mendialdea, Amazonia eta Kostaldea.

Ekuadorreko Amazonian, zortzi herri indigena daude: shuar, achuar, kichwa (edo kitxua), a’i (edo kofan), siona-secoya, waorani (edo Huaroani) eta zapara, eta zazpi hizkuntzatan hitz egiten dute: kofanera, paicoca (sionera eta secoyera aldaerak), shuarera, achuaera, quichuera, waronariera (waotededoa, huao tiriroa edo wao tiriroa) eta zaparera. Zenbait iturrik diotenez (ECORAE), inguru horretan, badago beste hizkuntza bat, shiwiwar chichana izenekoa; beste batzuek, berriz, uste dute achuaeraren aldaera bat dela.

Ekuadorreko mendialdean, Andeetan, kichwak bizi dira eta quichueraz hitz egiten dute, baina haiek runashimia deitzen diote hizkuntza horri; zenbaitek uste dute quechueraren aldaera bat dela (Cerrón-Palomino, 1987). Ekuadorreko herri indigenarik handiena da, eta ia hiru milioi lagun ditu.

Ekuadorreko kostaldean, lau herri amerindio bizi dira: awa-kwaikerak, chachiak, tsáchilak eta epereak. Lehen taldeak awa pitez hitz egiten du; bigarrenak, cha’palaaz; hirugarrenak, tsafiqui, tsafiki edo colorado hizkuntzan, eta azkenekoek, sia pedeez.

Herri eta hizkuntza indigenak

Ekuadorreko Amazonian, zortzi herri indigena bizi dira eta zazpi hizkuntzatan hitz egiten dute.

A’i herriak kofaneraz hitz egiten du eta Sucumbíos probintzian bizi da, Kolonbia eta Ekuador arteko mugaren inguruan. Kofaneraz hitz egiten dakiten a’i taldeko gehienak gaztelaniaz ere mintzatzeko gai dira, batez ere gazteak, eta, zenbait iturrik diotenez, hizkuntza horixe erabiltzeko joera dute. Beren herrietan, eskola elebidunak dituzte, baina irakasle quichueradunekin (Haboud 2006).

Texaco-Gulf konpainiak haien lurraldea okupatu zuen hirurogeita hamarreko hamarkadan. Petrolioaren ekoizpena dela-eta, kitxua askok migratu dute lurralde horretara, eta kitxuatze-prozesu bat gertatzen ari da.

Nolabaiteko eztabaida badago ere eta iturriek bat egiten ez badute ere, paicocak sionera eta secoyera aldaerak ditu (Ekuadorreko Herri Indigenen Konfederazioa, CONAIE). Bi dialekto horietan hitz egiten dutenek arazorik gabe ulertzen dute elkar. Sionak zein secoyak Cuyabeno ibaiaren ondoan bizi dira, Sucumbios probintzian, eta, bi talde horiek elkarren artean oso ongi moldatzen badira ere, beren lurraldeak banatuta mantentzen dituzte. Belaunaldi gazteek gaztelania erabiltzeko joera dute.

CONAIEk shuarera chicham eta achuarera shiwiar ere hizkuntza bakartzat jotzen ditu, baina beren hiztunek hizkuntza bereiziak direla aldarrikatzen dute. Andeetako adarretan bizi dira, Morona Santiago probintzian. Shuar herriak 40.000 eta 45.000 lagun artean ditu, baina 30.000 inguruk bakarrik dakite beren herriko hizkuntzan mintzatzen (Haboud 2006); dena den, zenbait iturriren kalkuluek diote 60.000 hiztun direla: Shuar Zentroen errolda-estatistiketan 30.000 hiztun bildu dira; Shuar Federaziokoetan, berriz, 35.000, eta Chinkim-ek dio (1995), 40.000 direla.

Hezkuntza-programak antolatzeari eta sustatzeari dagokionez, Shuaren organizazio indigena Erdialdeko Amerikako zaharrenetariko eta arrakastatsuenetariko bat da: Shuar Zentroen Federazioa. Erakunde horrek eskola elebidunak (gaztelania-shuarera) ezarri zituen bere lurraldean, eta, orduz geroztik, hiztun elebidun eta hirueledunen kopurua (quichuerarekin) handitu egin da; lehenago, 70eko hamarkadan, biztanleria gehiena elebakarra zen.

Azken bolada honetan, Mendialdetik datorren jendea shuaren ohiko lurraldea kolonizatzen ari da, eta horrek arriskuan jartzen ditu haien hizkuntza eta kultura, eta kitxuen kulturarekin lotutako gauzak sartzea dakar. Dena den, shuarak ere achuaren lurraldean sartzen dira; egun ezkontza-itunez bidez, baina, lehengo, gerraren bidez.

Amazonaseko quichuerak edo runashimik 30.000 hiztun ditu 60.000 lagun dituen etniaren barruan. Zenbait autoreren ustez, besteak beste, Cerrón-Palominoren ustez, quichuera quechueraren aldera bat da.

Amazonaseko kichwak modu eraginkorrean antolatu dira Ekuadorreko Amazoniako Herri Indigenen Konfederazioan (CONAIEko kidea da). Haien ohiko lurraldea natura-parke eta -erreserbekin eta petrolio-ustiategiekin partekatzen dute, eta ekoturismoa ekoizpen-baliabide bihurtu da. Esan beharra dago, gero ikusiko dugun bezala, milioi bat kichwa, gutxi gorabehera, Ekuadorreko mendialdean bizi direla. Etnia elkartze-faktorea oso handia bada ere, gaztelaniaz hitz egiteko joera dago haien artean.

Waoraniera (waotededoa, huao tiriroa edo wao tiriroa) waoranien edo huaoranien hizkuntza da; Yanusí, Canonaco, Nushiño eta Curaray ibaietan bizi dira Napo eta Pastaza probintzietan. XIX. mendera arte eta, zenbait iturriren arabera, are 1980ra arte, elebakarrak ziren, baina ordutik hona izandako aldaketa ugariek arriskuan jarri dituzte haien hizkuntza eta kultura. 70eko hamarkadan, gobernuak lekualdatu egin zituen, baina, gero, berriz ere mugiarazi zituen petrolio-konpainien presioa dela-eta (Haboud 2006).

Zaparera (kayapia) zaparoen hizkuntza da; Pastaza probintziaren iparraldean bizi da herri hori. Peruren eta Ekuadorren arteko gerrak zirela-eta, haien komunitatea banatu egin zen, 100 lagun Ekuadorren eta 200 Perun, baina badirudi XVII. mendean 10.000 lagun inguru izan zirela. Zahar batzuek, 20 batek, bakarrik dakite hitz egiten beren herriko hizkuntzan, eta gazteak gaztelaniaz edo quichueraz mintzatzen dira.

2001eko azaroan, UNESCOk Gizateriaren Ondare Ahozko eta Ez-materialaren Maisu-lana izendatu zuen zaparo herria, zaparoar hizkuntzak eta kulturak balio handiagoa har zezaten. Ekuadorreko Zapa Herriaren Erakundeak (ONAZE) kultura eta hizkuntza berreskuratzearen alde lan egiten du.

XX. mendearen bigarren erdialdetik aurrera, batez ere, kautxuaren eta petrolioaren ustiapena asko hedatu zen, Ekuadorreko estatuak bultzatuta, eta, ondorioz, Ekuadorreko herri indigena amazoniarrak oso azkar modernizatu dira eta mendebaldeko ohiturak hartu dituzte, talde mestizoek eta mendialdeko indigenek haien lurrak kolonizatu baitituzte; hori dela-eta, haien kulturak eta hizkuntzak arriskuan daude. Zonaldeko industrializatze-prozesuari, turismoaren, gerrillaren eta militarizazioaren ondorio kaltegarriak gehitu behar zaizkio.

Ekuadorreko mendialdean, kichwak bizi dira, eta milioi bat pertsona inguru dira; quichueraz hitz egiten dute horiek; hizkuntzari horri runashinia ere deitzen zaio. Hizkuntzalari batzuen ustez (Cerrón-Palomino, 1987), quichuera Perun eta Bolivian erabiltzen den quechueraren aldaera bat da; baina Ekuadorreko kichwek diote beste hizkuntza bat dela.

CODENPEren (Ekuadorreko Herri eta Nazioak garatzeko Kontseilua; Errepublikaren mendeko erakundea da) terminologia aintzat hartuta, Mendialdean bizi diren kichwak, hainbat nazio eta herritan bilduta daude: natabuela, otavalo, kayambi, situ kara, panzaleo, chivuelo, salasaka, waranka, puruhá, kañari eta saraguro. Talde horiek quichueraz eta gaztelaniaz hitz egiten dute.

CONAIEk eta XX. mendearen bukaerako datu ofizialek diotenez, Ekuadorreko kichwak, zonalde guztiak kontuan hartuta, 2 milioi lagun baino gehixeago dira.

Ekuadorreko kostaldean, lau herri indigena bizi dira eta bakoitzak bere hizkuntza du.

Awa edo awa-kwaiker etniak awa pitez hitz egiten du. Ekuadorren, 3.700 pertsona inguru dira eta Esmeraldas, Imbabura eta Carchi probintzietako kantoietan bizi dira, Mira eta San Juan ibaien artean.

Chachi etnia cha’palaaz mintzatzen da. Esmeraldas probintzian bizi dira, Cayapa, Santiago, Onzole eta Canandé ibaien artean dagoen lurralde batean. CODENPEk dioenez, 457 familia dira; baina beste iturriek diote 4.000 baino gehixeago direla.

Tsáchila herriak tsafikiz hitz egiten du; 2.000 lagun inguru dira eta oihanean bizi dira mendebaldeko Andeetako oinetan. Colorado izena ere ematen zaie, ilea achiotez tindatzen dutelako.

Epera herriak sia pedeez hitz egiten du, eta Ekuadorreko kostaldeko herri indigenarik txikiena da; 250 pertsona ditu eta Esmeraldas probintziako zenbait kantoitan bizi dira.

Ekuadorreko kostaldean, manta-wancavilcapuna herria bizi da, baina beren hizkuntza tradizionala galdu dute eta gaztelaniaz mintzatzen dira.

Indigenen eskariak eta estatuaren hizkuntza-politika

Honela zioen 1945eko konstituzioaren 1. artikuluak: Gaztelania da hizkuntza ofiziala. Quichuera eta bertako beste hizkuntzak kultura nazionalaren parte integraltzat jotzen dira.

XX. mendeko 30eko eta 40ko hamarkadan, Ekuadorreko indigenek beren eskubideen alde borrokatu zuten eta lehen eskola elebidunak sortu zituzten. Halaber, estatu osoko lehen erakunde indigena modernoa (Indiarren Ekuadorreko Federazioa, 1945) agertu zen, baita zenbait toki- eta eskualde-organizazio ere. 1962an, Shuar Federazioa sortu zen, eta honako hau du eskari nagusitzat: herri bakoitzak bere aspaldiko lurraldearen jabe izateko eskubidea izatea. ‘Kultura, hizkuntza eta lurraldea’ da haren oinarrizko aldarrikapena. 1972an, Shuar Irrati Sistema sortu zuten, eta, gaur egun, martxan dago oraindik ere.

Erakunde indigenen presioa dela-eta, Ekuadorreko estatuak ikuspegi berria hartu zuen eta hizkuntza, kultura eta irudikatze-forma indigenak errespetatzen hasi zen.  Konstituzioaren 1983ko erreformak dio indigenak gehiengoa diren eremuetan beren hizkuntza erabiliko dela hezkuntza-bide gisa.

90eko hamarkadan, indigenek presentzia handiagoa hartu zuten Ekuadorren. CONAIE (Ekuadorreko Herri Indigenen Konfederazioa) sortu zuten, eta haren barruan biltzen dira estatuko hiru eskualdeetako erakunde garrantzitsuenak. Erakunde horrek egindako presioaren ondorioz, Ekuadorreko gobernuak proposatu zuen nazio anitzeko, eleaniztun eta etnia anitzeko estatua eraiki behar zela. Une hartatik aurrera, indigenen parte-hartzea nabarmen handitu zen estatuko politikan, batez ere kichwa herriko kideena.

1998an, estatuak Giza Eskubideen Nazio Plana aurkeztu zuen; haren bidez, indigenen talde-nortasunak sendotu eta bermatu nahi dira. Halaber, Hizkuntza Indigenen Akademia sortu zen.

1998ko konstituzioak Ekuadorreko izaera eleaniztuna onartu zuen eta hizkuntza indigenen ofizialtasuna aldarrikatu. Orobat onartzen zuen nazio indigenek eskubidea dutela garapen sozial eta ekonomikoa lortzeko, baina beren nortasuna, kultura eta lurraldea galdu gabe.

Hezkuntza indigena

1988an, Kulturarteko Hezkuntza Elebidunerako erakundea eta Kulturarteko Hezkuntza Elebidunerako Nazio Zuzendaritza sortu ziren. Bi erakunde horiek indigenek berek kudeatzen dituzte, bai maila zentralean, baita probintzietan ere. 1993an, Kulturarteko Hezkuntza Elebidunerako Sistemaren Eredua ofizial bihurtu zen. Curriculum-proposamen globala da. Praktikan, oraingoz, gutxi lortu da, material eta irakasle egoki gutxi dagoelako.

1998an erreformatutako konstituzioak honela dio: ‘Estatuak Kulturarteko hezkuntza elebidunerako sistema bermatuko du. Sistema horretan, kultura bakoitzaren hizkuntza izango da nagusia eta gaztelania, berriz, kulturarteko hizkuntza’. Halaber, honako konpromiso hau ere biltzen zen: ‘hizkuntza indigenak kulturaren eta zientziaren arlo guztietan berreskuratu eta erabil daitezen sustatzea eta hedabideetan hizkuntza indigenak erabil daitezen mekanismoak bilatzea’.

Hezkuntza elebidunaren hainbat proiektu martxan jarri badira ere, badirudi lorpen txikiak ekarri dituztela. Historikoki, beharbada, bi programa hauek nabarmendu dira: Shuar Irrati Sistema, 1972an hasi zen eta gaztelaniaz, shuareraz eta achuareraz emititzen ditu hezkuntza-programak, lehen eta bigarren hezkuntzarako; eta quichuerazko alfabetatze-programa, 1978an Hezkuntza Indigenarako Ikerketa Zentroak sustatua.

Geroago, hezkuntza elebidunerako hainbat proiektu abiarazi dira. Adibidez, 1985an hasitako Kulturarteko Hezkuntza Elebiduna proiektuak Amazonaseko 170.000tik gora ikaslerekin lan egiten du. Baina bi arazo nagusi ditu: irakasle indigena gutxi dagoela eta hizkuntza horietan materialik ez dagoela (Haboud, 2006).

Arazo horiek konpontzeko, azken urteotan, hainbat proiektu sortu dira goi-hezkuntzan. Hala, Amazonian, esaterako, Ekuadorreko Amazoniako Herri Indigenen Unibertsitatea sortu da (2002) eta 150 ikasle prestatzen ditu Amazoniako Garapena Lizentzian. Ibis-Dinamarca proiektua (2003) ere aipatzekoa da; horrek 300 ikasle ditu, eta lau urteko lizentzia bat ematen du kulturarteko hezkuntza elebidunean, biztanle gutxiko nazio indigenetako irakasleak prestatzeko.

Anuncios

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s